1943. urtean eraikitako Etxebarria Parkeko dorrea edo tximinia Bilboko iragan industrialaren ikono bat da. 25 metroko altuera du eta gaur egun oraindik ere tinko jarraitzen du. Bada, iragan berri den asteburu honetan, hiruko saskibaloiko partida eta txapelketa ugari antolatu dira Bizkaiko hiriburuko topagune ezagunean. Helduen kasuan, adibidez, mundu osoko hamabost talde aritu dira gizonezkoen PRO edo Quest mailan lehiatzen -munduko hirugarren mailarik onena-. Baina ez hori bakarrik; izan ere, gurpil-aulkiko saskibaloiko Espainiako Txapelketa ere jokatu da, eta bertan Bidaideak etxeko taldea gailendu da, Amiab Albacete, CD Ilunion, Econy Gran Canaria, Basketmi Ferrol edo Gasteizko Zuzenak bezalako taldeen aurrean. Eguraldia lagun, gazteenek ere saskibaloiarekin gozatzeko aukera ederra izan dute. Galdetu bestela ondoko irudiko neskei: baloia Etxebarria Parkeko tximinian saskiratu nahiko balute bezala dihardute. Lortuko al zuten helburua?