| Kultura |
||
Ezgaituak kultura-adierazpen guztietara iritsi ahal izatea da ONCEren zereginetako bat. Honela gauzatzen da hori:- Bibliografia-ekoizpena. Bi egoitza dituen zentro espezializatua da -bat Madrilen dago, bestea, Bartzelonan-, eta hainbat motatako argitalpenak argitaratzen ditu; besteak beste, literarioak, aldizkariak, testu espezializatuak eta haurrentzako ipuinak. Horiek zenbait euskarritan argitaratzen dira: braille kodean, tintazko argitalpenetan, soinu-euskarrietan eta euskarri informatikoetan. Pedagogia-gidaliburuak ekoizteko unitate txikiak ere badaude Hezkuntza Baliabideetako Guneetan. - Antzerkia eta musika.Kultura-jarduera nagusi horiei buruzko lantegiak egiteaz gain, taldeak ere sortzen dira. Onenek urteroko Musika eta Antzerkiko erakustaldi nazionaletan parte hartzen dute, txandaka. Antzezleek eta musikariek beren eguneroko zereginekin batera egindako lan amateurra den arren, ikusleen artean onarpen handia dute, oso kalitate ona baitute. "Minusbaliatuen Europako Urtea" dela eta, CD bat argitaratu zuen ONCEk -Musikaz idatzia-, eta 300 artista ezgaituk baino gehiagok parte hartu zuten bertan. - Artisten sustapena. Sorkuntzarako laguntzen bidez ere laguntzen die ONCEk artista itsuei. Laguntza horiek margolari, eskultore, idazle, musikari edo abeslari itsuek eskura ditzakete. - Itsuentzako Museoa. 1992an, artelanak ukimenaren bidez hautemateko aukera ematen duen lehenengo museoa ireki zen Espainian. Mundu osoko monumentu eta eraikin garrantzitsuen maketak biltzen ditu, eta, beraz, Eiffel dorrea, Kremlina, Altamirako kobazuloak edo Madrilgo Errege-etxea nolakoak diren zehaztasunez jakin dezakete itsuek, eskuen bidez. Artista itsuen lanak ere ikusgai daude museoan, eta erakusketa-areto iraunkor bat ere badago. |