Egitura   Home Harremanetan 
 
  Bizitza osoa oztopoak gainditzen

  Horiek dira duela gutxi ospatu dugun ONCEren 65. urteurreneko logotipoarekin batera agertzen diren hitzak. ONCE 1938ko abenduaren 13an sortu zen, beren etorkizuna - ilusioz beteriko etorkizuna- eraiki nahi zuten herrialde osoko itsu askoren nahiak betetzeko.

65 urte daramatzagu oztopoak gainditzen, lorpenak -batzuetan, apalak; besteetan, handiak- apurka-apurka eta irmotasunez egin baititugu Espainiako itsuok. Lehenengo, batasuna izan zen; gero, kupoia -helburuen alde borrokatzeko baliabideak eman zizkigun-; ondoren, eskolak eta lanerako zentroak sortu genituen, gizarte-aurreikuspena, osasun-laguntza, etab. Hainbat helburu lortu genituen gure historiako gertaera gogoangarrietara iritsi arte; ONCE Fundazioa sortu arte. Horren bidez, ordura arte itsuei eskaintzen zien elkartasuna beste ezgaitu batzuei ere eskaintzen hasi zen, aurrekontuaren zati handi bat horretarako erabiliz, eta, gaur egun, ONCE fundazioa oinarrizkoa da Espainiako ezgaituentzat.

"ONCE, bizitza osoa oztopoak gainditzen" izenburua duen argitalpen honetan ez dugu balantze bat aurkeztuko; aldiz, informazioa eman nahi dugu, bai ONCEk gizartean duen zereginaz, bai minusbaliatuak gizarteratzeko lanean duen lekuaz. ONCEren ibilbidea goranzkoa da, noski, baina jakin badakigu oraindik egiteko asko dagoela. 2003an Minusbaliatuen Europako Urtea ospatzean berretsi genuen hori. Espainia eta Europa ONCEren nahien agertoki izan dira, eta ONCEk eta Ezgaituen Ordezkarien Estatuko Batzordeak (CERMI) beren asmoak azaldu zituzten.

Aurrerapen asko egin dira; esaterako, gizarte-onarpenean, norbanakoen ulermenean eta lege-esparruan. Baina urtebete ez da nahikoa minusbaliatuak gainerako herritarren aukera berdinak dituzten herritartzat onartzeko. Ezgaituei lotutako instituziook egun guzti-guztiak bihurtu behar ditugu ezgaituen egun, eta hori da ONCEk egiten duena, funtzionamendu demokratikoko sistema baten bidez hainbat esparrutan lan eginez. Erakunde horretako bazkideek, zazpigarren aldiz, hauteskundeetan parte hartu zuten 2003ko ekainaren 3an, eta, hauteskundeen ondoren, ONCE elkarteak ilusio berrituz hartu zituen aurrez aurre berehalakoan zetozen erronkak: jokoaren merkatua lehiakorra eta multinazionala zen, Estatuko Administrazioarekin beste hitzarmen bat sinatu zen, bazkideentzako gizarte-zerbitzuak handitu behar ziren, minusbaliatuentzat enplegua sortu, etab. Egoera horrek gure urteurreneko ikurritzaren leitmotivera garamatza berriro ere: "oztopoak gainditzen".

Eta, hain zuzen ere, oztopoak gainditzen ahaleginduko dira aurten Atenasera doazen gure kirolari paralinpikoak ere, irailean egingo diren Atenas 2004ko Joko Paralinpikoak baitira atleta itsuek aurre-aurrean duten kirol-hitzordua. Ziur gaude, espedizio paralinpikoko gainerako guztiek bezalaxe, atleta itsuek ere fruitu ugari bilduko dutela, beren eguneroko ahaleginari eta ilusioari esker.

Eta ilusioz beterik bultzatzen dugu egunero kupoia ere, bera baita itsuen Erakunde Nazionalaren eragile. Aldaketa garrantzitsuei ekin diegu; jokoaren merkatuan gero eta teknifikazio handiagoa egonda, eta lehiakortasuna ere gero eta handiagoa izanda, kupoiak bere lekua defendatu beharra dauka gizarte-zereginetan jarraitu eta sakondu ahal izateko. Modu tradizionalarekin bateragarria den salmenta-modu berri bati ekin zaio: kupoi interaktiboari, alegia. Bezeroak berak hautatzen du jokatu nahi duen zenbakia salmenta-guneetako terminalaren bidez. Tresna eramangarria da, eta, kupoi interaktiboa saltzeaz gain, saltzaileak laneko beste zeregin batzuk ere egin ahal izango ditu; besteak beste, kupoiak itzuli eta zenbakiak egiaztatu. Bestalde, joko aktibo modalitate berriak ere komertzializatuko dira horri esker.

Beraz, salmenta-guneetako terminalak hainbat helburu betetzen ditu: merkatuan hobeto lehiatzeko moduan egon, jarduera horri dagozkion zereginak arindu eta, ondorioz, gizartean duen oihartzuna eta eragina zabaldu. Izan ere, kupoiak hainbat onura dakartza: enplegua sortzen du, heziketa eta errehabilitazioa eman, gizarteratzearen alde lan egiten du, eta gainerako minusbaliatuekin solidarioa da. Kupoiari esker hazten gara, eta etorkizunari ilusioz begiratzen diogu, aurreko 65 urteetako gainditze-grina berarekin.