Web de la ONCE

Estás en:

ONCEren historia, hitz bitan. Demokrazia eta modernizazioa

Demokrazia eta modernizazioa
1982ko urtarrilaren 19an, erakundeko afiliatuek beren buruzagiak aukeratu zituzten lehenengo aldiz, botazio zuzen eta sekretu bidez. Horrela, Espainian 1977ko ekainaren 15etik indarrean zen sistema demokratikoarekin bat egin zuen ONCEk.
Ordutik, ONCEko kideek lau urtean behin hautatzen dituzte beren goi buruzagiak, botazio bidez. ONCE demokratizatzearekin batera, goitik behera hasi zen erakundea modernizatzen. Kupoia izan zen lehen pausoa.
1984ko urtarrilaren 2an, aldaketa garrantzitsuak egin zitzaizkion kupoiari: herrialde osoko zozketa bilakatu zen, eta lau zifrakoa gainera. Birmoldaketa horrek oso eragin positiboak izan zituen eta lasaitasun ekonomiko handia eman zion ONCEri. Horri esker, hurrengo urteetan, gizarte arloko proiektu nabarmenak egin ahal izan zituen ondorengo birmoldaketei eta produktu berriei esker; horien artean, nabarmentzekoa da loteria erdiaktiboen sorrera, 2004ko urrian. Zertxobait geroago, 2006ko maiatzean, ONCEk bat-bateko loteriak merkaturatu zituen, eta 2010ean zenbait joko bide fisiko osagarrien bidez banatzeari ekin zion (estankoak, gasolindegiak eta kioskoak, batez ere).

Horren guztiaren helburua, gorabeheraz betetako merkatuan ONCEren gizarte konpromisoei eutsi ahal izateko finantzazioa lortzea da. Azken bi hamarkadetan, itsuentzako eta ikusmen desgaitasuna dutenentzako gizarte zerbitzuak sortu dira, eta aurrez zeudenak hobetu: autonomia pertsonala, hezkuntza arreta, prestakuntza, enplegua, kirola, hirugarren adina, teknologia berri irisgarriak, eta abar. Gainera, 1988an sortu zen «pertsona desgaituei laguntzeko eta haiek gizarteratzeko» ONCE Fundazioa. 1993an sortu zen ONCEren jarduera turismorantz eta zerbitzuetarantz dibertsifikatu zuen enpresa korporazioa (CEOSA) eta 1998an Latinoamerikarako ONCE Fundazioa (FOAL), Iberoamerikako herrialdeetako itsuei laguntzeko.

Garrantzitsua da, halaber, 2007an Gor-itsuei Laguntzeko ONCE Fundazioa sortu izana. Fundazio horren helburua gortasun-itsutasuna dutenei laguntza espezifikoa eta espezializatua ematea da, baina erakunde berezitu gisa, ONCEk lehen ere egiten baitzuen lan gizarteko talde horrekin.

Kulturaren esparruan, azpimarratzekoa da itsuek egiten duten kirola federazio baten bitartez egituratu izana. Espainiako Itsuentzako Kirol Federazioa 1993an jaio zen ONCEren tutoretzapean. Federazio horrek konpromiso estua du Espainiako Batzorde Paralinpiarrarekin (CPE), hau da, desgaitasuna duten kirolarien goi lehiaketa arautzen duen erakundearekin.

ONCEren historia, hitz bitan

Europako hamarkada